XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurrerapenak, progresuak alegia, gauza onak eta txarrak ekarri dizkigu; azken hauen artean, satsudura, jendearen pilaketa, ariketa fisikoaren falta, alkohola, tabakoa, drogak eta jateko ohitura txarrak aipa ditzakegu.

Indar berri hauek, frenatu, balaztatu egiten dute osasuna hobetzearen abiada eta gure bizia arriskutan jartzea.

Estatistika datuak kontutan hartzen baditugu, zera ikusiko dugu: Populazioaren erdia gutti gora-behera hirurogeitamar urte egin ondoren hiltzen dela; nahiz eta zifra hau garrantzizkoa izan, beste erdia adin horretara heldu baino lehen hiltzen da.

Hirurogeitamar urte bete aurretik hiltzea, bestalde, ez da normala, edo zuzen daiteke, ekintza sanitario egoki baten bidez.

Hirurogeitamar urte egin baino lehen hiltzen direnek, hilkortasun goiztarra izan dutela esaten da, herriaren maila sanitarioaren termometrotzat kontsideratzen delarik berau.

Estatistikoki, bi talde ezberdin nabari dira hilkortasun goiztar honen barnean: Bata % 10ek osotua, umetan, (hau da, bost urte bete aurretik) hiltzen direnena; bestean, % 40k osotua, bizitzaren batazbesteko erdi-aldean hiltzen direnena.

Haurren hilkortasun hori ttikitu nahi baldin badugu, dudarik gabe, ama-haurren asistentzia hobatu behar dugu; horretarako, alde batetik, prebentzio primario eta sekundario gehiago egin behar dugu, eta bestetik, asistentzia medikoaren mailan (hau da Leavel-en laugarren mailan), zentru sanitarioen banaketa egokiagotu beharko litzateke, orain daukagun banaketa zentralistaren politika baztertuz.

Bigarren taldearen hilkortasuna ttikitzeko orduan, hilkortasun goiztar honen kausak kontsideratu beharrean aurkitzen gara; hauek dira hilkortasun goiztar horren eritasun eragile ugarienak:
1- Bihotzeko eta zainetako eritasunak.
2- Kantzerra.
3- Istripuak.
4- Infekzioak.
5- Diabetea
, etab.

Nahiz eta eritasun hauetako batzuren etiologia oraindik osoki argitu gabe egon, haiekin erlazioturik dauden hainbat faktore ezagutzen ditugu jadanik.